2016(e)ko urtarrilaren 26(a), asteartea

JACA inguruko LA SOLANA


2016.eko neguko antizikloi gozoaren babesean, eski nordikoa praktikatzeko elur guti dagoela eta, oinezko txangoei emanak gabiltza egun hauetan. Ez dira asko izaten holako egunak, eguzki gozoa eta haizerik eza aldi berean dituztenak, inguru hauetan behintzat.

Gaurko ibilaldirako La Solana -Eguzkitza euskaraz- deritzan eskualdearen partetxo bat aukeratu dugu, abiapuntua eta helpuntua Jacan izanik 13 km. dituen txangoa. Ibilbidean lotu ditugun herriskak: Asieso, Guasillo, Banaguás eta Abay.  Eguzkitara orientutako isuarialdea da eta iparraldeko (Pirinioetako) haize hotzetik babestua Grossin mendiari esker. Seguruenik Penintsula osoan eguzki-ordu gehien dituen eskualdea da. Idea bat egiteko, Guasilloko edozein etxetako balkoitik udako solstizioan eguzkiaren irteera goizeko 7etan eta beraren ezkutatzea iluntzeko 9.15ean ikus dezakezu. Beraz, txangoetarako ordu aproposenak egunsentia edo arratsa dira  uda partean, eta eguerdia neguan.

Txango honek erakarpen haundia du arte aldetik, herri batzuetan ondo kontserbatzen baitira Erromanikoaren zenbait altxor, halanola Guasillo, Banaguás eta Abayko eleizatxoen absideak. Abside hauek "El Serrablo"ko arte erromanikoaren adibideak dira eta beraietan aipagarri dekoratibo berezienak hauek dira: absidearen kanpoaldea inguratzen duten arku txiki  "itsuen" saila eta baraien gaineko baketoi edo postetxo borobilez osatutako semizirkuloa. Gustu estetikoa ez zitzaien falta hamaikagarren mendeko arkitekto eta eskultore haiei. Erakusgarri moduan  hemen duzue Banaguáseko absidearen fotoa.





Txangoa negualdean burutzeak beste sorpresa ere badu: almendrondoen loratzea. Bertako biztanle baten komentarioa: gutxitan loratzen dira hain goiz, aurten hilabete aurretik dabiltza. Izan ere, almendrondo zuri edo arrosen espektakulua ez da ohikoa urtarrilaren erdialdean.




Txangoko azken elementu aipagarria, San Migelen zubia da, aspaldiko mendeetan La Solana  eta Jaka harremanetan jartzen zituena, Aragoi ibai zabala zeharkatzea ahalbidetuz.

Jarraian duzue ibilbidearen tracka, eta ondo etorriko zaizue ibilbiderako, bideen arteko zenbait gurutzetan ez baitago seinale zuri.horiaren  arrastorik.

klik egin tracka zabaltzeko

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina