2015(e)ko abenduaren 30(a), asteazkena

AMAMA filmaren bideetatik




Nork ez du ikusi AMAMA filma! Hor ibili da aretoz-areto 2015eko udazkenean. Edozeinen komentario izan da: paraje txundigarriak, garai bateko Euskal Herri idilikoa, bide-zidor haiek!
Ez da ba igo beharrik Nepaleko menditzarretara Eritzeta baserriaren inguruak (Errezil) zeharkatzeko. Gabonetako egun horietako batean bururatu zitzaigun: goazen Amama filmaren bideetatik ibiltzera, basobideak lehor dirauten bitartean, hegoaize bolara luze hau profitatuz. 12,5 kilometroko ibilbide zirkularra, 500 metro eskaseko igoera metatuan.
Azpeitiko hartzubitik abiatu ginen. Espaloi gainean hiru kilometro Urrestillara bidean. Larrañaga hotel-jatetxe parean gora jo Katain baserri aldera, aldapari eutsiz Agerre azpikoairaino igo, handik ordekan, Iturralde barna, Urrakira doan errepidera irten. Errepidearen bestaldean, eskuin aldean,  metro batzuk behera egin eta, Munokoa baserrira heldu aurretik, Zabalagara jaisten den  bidea hartu. Han, badaezpada, galdetu egin genuen zein bidek eramango gintuen  Amama filmeko baserrira, Eritzetako alabari entzuna bainion bazegoela  bide bat Elosiagako baserritarrek erabiltzen zutena Tolosa-Azkoitia korreo-autobusa hartzeko Zurruntzolan. Bidea, basoan barna, galerarik gabekoa da, Eritzetaraino.  Dena den, Eritzetara heldu baino 300 bat metro lehenago GR-9, Zezenbide deitua, hartu genuen  ezkerretara pinu enborrean  grabatutako marka zuri-gorriari kaso eginez. Puntu horretan Eritzeta baserriaren eta Gazume-Ernioren ikuspegia aipatzekoa da eta baita ere filmean sarri agertzen diren belardi, baso eta sagastietakoa ere. Hemengo fotoan ikus dezakezue. Ez ginen urreratu baserrira bertara ezpiritu gaiztoak zuzpertzeko beldurrez, ez baizirudien inor han zegoenik une hartan. GR-9 bidea Estradazahar, Estradaberri eta Barnola gaikaldetik pasatzen da Azpeitirako errepidearekin topo egin arte Lapatxeko zabortegian. Handik Azpeitiko Artzubiraino bi kilometro.  Esan behar da GR-9 ibilbidea ez dela oso txukuna tramotxo batzuetan eta, giro lehorra ez bada, hango sasi-belarretan  bustitzeko arriskua dagoela. Ez legoke gaizki Lagun Onak-eko hainbat eta hainbat jubilatuk, osasun onean daudenak, higitai bana hartuta, garbitze lanari ekingo baliote aipatu tramotxo horietan. Eskertzekoa litzateke
Laburki, hiru ordutxoko ibilaldi zoragarria naturaren kolore bariatuak eta hegaztien doinuak nunahi eta noiznahi dastatuz.
Hemen duzue ibilbidearen tracka.

IKUSI TRACKA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina